XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Meline + koloniak Bien onetan, industrialisatzeari muga baten emaitea onartu zuen burgesiak.

Berak alde batetik galtzen zuen, bainan bestetik irabazten.

Zeren langileriak ez zuen gehiegi azkartu behar, iraultzalea zelakoz.

Beraz eskualde gibelatuak industria gotorrik gabe utzi behar ziren.

Horrela mende batez irautea irabazi zuten laborari ttipiek, bereziki aberri menperatuetan: Bretaña, Okzitania, Euskal Herri, Kataluña, Korsa, Alsazia, Flandrian.

Zeren laborariek ongi emaiten zuten boza.

Bestalde, soldado hautak ziren, barnako jazarkundeen zapatzeko, bai eta kolonien eskuratzeko.

Arrotz erresumetako laborarien emaitzeri mugak hetsi zituen gobernuak.

Ber denboran koloniak egin zituen Asian eta Afrikan, industriako gauzen saltzeko, erregetiar ofizierek karra ber denboran urruneko kurutzadetan higatuz: han Frantzia, sinestea eta zibilisazioa hedatzen zituzten.

Laborantzaren aldeko muga hestea Meline izeneko ministro batek zuen haxean ezarri.

Bainan bide beraz laborariak gibel egoitera kondenatu zituen, eskolarik eta tresna berririk gabe.

Halaber industrialarik gabe gelditu behar zuten koloniek, nahi ala ez.

Azken hiru gerla haundiak

Bainan kasik koloniarik gabe gelditu zen Alemania.

Osoki eman zen industriari... eta Europako afereri.

Parte bederen, hortik etorri ziren Euskaldunak Frantzian integratu zituzten hiru gerlak.

Lehenaz baliatu zen Bismarck, Alemaniako estadoan elgarri lotzeko eta populuen bat egiteko.

Bigarrenak odol hustu zituen Frantzia, eta oraino gehiago Bretania eta Euskal Herria.

Hemengo herrietan segurik, ttipienetan hamarnazka hil ziren gizon gazteak.

Beste asko itzuli ziren zaurituak, edanari emanak edo leher eginak: guti zahartu baita.

Bizia zinez ahuldu zen gisa guziez.

Gazteriaren kemena ttipitu zen.

Gerla aintzineko merkatuetan eta bestetan sortzen ziren kalapitak eta jandarmekilako borrokak galdu ziren... euskal dantzak eta kantuak gutitu, mendiari buruz gibelka joan... frantses jakintza bera beheititu.

Ene sort herrian, Ziberoko dantza-Jauziak orduan galdu ziren.

Aitaren adineko gizonek ez dakite hanbat euskal kanturik.

Aitaren anai gehienak aldiz batzu nola besteak arras ongi pratikatzen zituen.

Bestalde, ene aintzineko generazionak orai berrogei ta hamar bat urte dituenak ez zuen eskolan gauza haundirik ikasi: batzuek ez dakite hainbat izkiriatzen.

Aldiz ene aitaren adinekoetan batzuek zertifikata bazuten.

Zer gertatu da geroztik? Ondokoak goizegi lur lanari hasi ote dira, aitak hilak edo ahulduak izanez? Ala gehiegi gastatuak izan dira?.

Erran behar gerla irabazia zelakoan, Frantziako eta Euskal-Herriko sozietateek ez zutela hanbat bururik berotu 1918-tik 1940-era.

Frantziako industriaren emaitza 1939-an ez zen 1913-ko heinerat igaiten?.

Politikan, ez zen akitzerik: aski zen gerlari ohien aipatzea, heien izenean mintzatzea eta azken beltzean, ezin bestean, heieri dei egitea.

Heien izenean mintzatzea aski izan zitzaion Ybarnegaray famatuari hogei ta hamar bat urtez Euskal Herriko jaun eta jabe izateko.

Bi Frente Popularen denboran, jendea komunisten aurka berotu zuen; (...).